ERRUGBIKO ZELAIA EZ DITU BALDINTZAK BETETZEN
Altamiran diseinatutako azpiegiturak ez duela balio uste du Ordizia Errugbi Elkarteak (ORE). Belar artifizialeko zelaiaren proiektuak ez dituela taldeen eta jarraitzaileen beharrak aintzat hartzen azaldu dute, «gutxieneko baldintzak» betetzeko eskatuz: jokalarientzako gimnasioa, biltegia, kolpeen kontrako bainera, Espainiako Errugbi Federazioak homologatutako belar artifiziala, eta aluminiozko takoekin jokatu daitekeena.
Bi urte pasa dira Ordiziako Udalak herriko kirol instalakuntzak egokitzea proposatu zuenetik: «Hasiera batean ilusioa piztu zuen Espainiako Ohorezko A mailan dugun taldearen eta kluba osatzen duten beste bost taldeen artean; pentsatzen genuen gure beharretara egokitutako zelaia izango dela». Baina ez dela hala diote. «Aldundiak Ordizia Errugbi Elkartearen izaera hori onartzen duenez eta lehen taldeak Espainiako maila gorenean jokatzen duenez, proiektua egiterakoan errugbiak lehentasuna izango zuela pentsatu genuen».
«Belar artifizialeko errugbi zelaiaren arriskuak eta desabantailak gure kalterako izango direla pentsatu arren, Ordizia Errugbi Elkarteak ez dio inoiz ezetzik esan asmo horri. Klubaren etorkizuna hori dela badakigu. Goierriko errugbizaleek kirol hori jokatzen eta gozatzen jarraitu ahal izan dezatela bermatzeko, klubaren etorkizuna kolokan jarriko ez duen kokapen bat bilatu behar dugu. Gainera, Ordizian kirol azpiegitura berriak egotea oso ona dela uste dugu, eta lehen aipatutako kirol horietako klubek erabili ahal izateak pozten gaitu», erantsi dute.
Klubak 33 urteko historian «nekez» eta ahalegin handia eginez irabazi duela lortutako guztia azaldu dute: «Une honetan irabazitakoa ez galtzea da nahi dugun bakarra, ez ematea. Klubaren etorkizuna orain adosten dugunaren arabera egongo dela badakigu. Horregatik, denon artean azken hausnarketa bat egin nahi dugu, orain egin ditzakegun hanka sartzeak konponbiderik gabe geratu aurretik, orain errugbian jokatzen duten gaztetxoek garesti ordaindu behar izan ez dezaten».
